Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailaren eta Cámarabilbaoren ekimen bateratua den barrixe-Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak sei hilean behin egiten duen txostenak adierazten du, 2020ko aldi berarekin alderatuz, Bizkaian erabilgarritasun- eta marka-ereduen eskaerak hazi egin direla, eta patente nazionalak eta industria-diseinuak jaitsi egin direla. Era berean, erregistro horien kopuru txikiak ikusita, “jabetza intelektualeko eskubideak babestea ez da Bizkaiko pertsona ekintzaileen artean sustraitutako jarrera, nahiz eta babes horrek abantaila eta berme handiak ematen dituen”.

Espainiako Patente eta Marka Bulegoaren datuetan oinarrituta egindako txostenak azken lau urteetako lehen seihilekoetan babes intelektualerako lau eskaera motak izan duten bilakaera zehazten du.

2020rekin alderatuta, ikusten da Bizkaian, alde batetik, 25 erabilgarritasun-eredu eskatu direla, eta iazko aldi berean, aldiz, 17 eskatu ziren. Bestalde, Euskadin eredu bereko 59 eskaera egin dira, 2020ko lehen seihilekoan baino bederatzi gehiago. Datu hauek kontutan hartuta, modalitate horretan Estatuan sortutako eskaeren % 3,5 da Euskadi.

Bizkaian hazi diren beste eskaera batzuk marka nazionalak dira. Horietan 537 erregistratu dira, 2020an baino 18 gehiago. Hau da, Euskadiren eskaeren erdia baino gehiago. EAE osoan, 2021ean 1.063 eskaerek aurrera egin dute, 2020an baino 111 gehiago, hots, Estatuari dagozkion eskaeren %3,6.

Bestalde, Bizkaian patenteak jaitsi egin dira, bederatzi izan baitira eskaerak, 2020ko aldi berean baino hamaika gutxiago. Euskadi osoan 26 eskatu ziren, alegia, 16 gutxiago eta Estatuko patente guztien %3,8.

Industria-diseinuaridagokionez, Bizkaian bederatzi eskatu dira, 2020ko lehen seihilekoan baino hiru gutxiago. Euskadin 21 eskaera gehiago izan dira, iaz baino sei gehiago. Euskadik Estatuan egindako diseinu industrialeko patente-eskaeren % 2,7 aurkeztu du.

Covid aurreko konparazioa

Covid aurreko 2019ko lehen seihilekoarekin alderatuta, ikusten da Bizkaian oraindik ez dela susperraldirik izan, patenteen, erabilgarritasun-ereduen eta marken eskaerek behera egin baitute. Industria-diseinuko eskaerak erregistro bakar batean hazten dira.

Antzeko zerbait gertatzen da EAE osoan; izan ere, behera egin dute bai patenteek, bai erabilgarritasun-ereduek eta markek. Gora egin duen adierazle bakarra diseinu industrialari buruzkoa da, baina modu arinean ere, hiru eskaera gehiagorekin.

Patentes y marcas

Babes intelektualaren erabilgarritasuna

Enpresa-jarduerak, eta bereziki jarduera ekintzaileak, jakin behar du, gaur egun, ezagutza abantaila guztien iturri denean, babes-sistemak bere alde erabiltzea faktore erabakigarria dela, honako arrazoi hauengatik:

  • Patenteek soilik sortzen dituzte eskubide esklusiboak titularraren alde, eta horiekin negoziatu ahal izango da; izan ere, balio ekonomikoa dute berez, eta hori kuantifika daiteke.
  • Hazteko eta indartzeko orduan, pertsona ekintzaile batek ezin du bere aktiboak ez babesteko arriskua bere gain hartu, horrek babesgabe utziko bailuke lehiakideen aurrean.
  • Ez dago ekintzailearen eskubideak bermatzen dituen beste aukerarik, baldin eta bere asmakuntzak patenteen bidez ez babestea erabakitzen badu.
  • Inbertitzaileek bermatuta izan behar dute ahalegin ekonomikoa eskatzen dien negozioaren esklusibotasuna.
  • Patenteak funtsezko tresnak dira ETE bat nazioartekotzeko, beharrezko babesa ematen baitiote beste herrialde batzuetako banatzaile edo fabrikatzaile potentzialekin negoziatzeko.
  • Ekintzaileak patentearen zuzeneko errentagarritasuna lor dezake bi modutan. Lehenengoa, interesekoak diren herrialdeetan zuzenean ustiatuta. Bigarrena, patentea lizentziatzea edo saltzea urrun egoteagatik ekintzailearentzat erakargarriak ez diren herrialdeetan.
  • Inguruneko enpresen patenteen jarraipenari eta zaintzari esker, ekintzaileek haien interes estrategikoak eta komertzialak ezagutu ditzakete.

ETEek beren jabetza intelektuala babesteko urratsik ez ematearen oztopo bat izan daiteke, barrixeren arabera, “horren inguruko ezagutza eza eta, bereziki, nola monetizatu behar duten, nahiz eta, beste azterlan batzuen arabera, jabetza intelektuala babesten duten ETEek diru-sarrera gehiago dituzten langileko, eskubide horiek babesten ez dituztenek baino”.

Informazio gehiago: