Robotikak eta automatizazioak Euskadiren eta Txekiar Errepublikaren industriarako dituzten aukerak aztertu dituzte Bilboko Merkataritza Ganberan
Bilboko Merkataritza Ganberan egindako Euskadi – Txekiar Errepublika “Aukerak robotikan eta automatizazioan” jardunaldi ekonomikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko hogei bat enpresatako ordezkariak eta ekonomiaren eta industriaren arloko beste eragile batzuk bildu dira.

Ezkerretik eskubira: Mikel Arieta-araunabeña, Bilboko Merkataritza Ganberako idazkari nagusia; Libor Sečka Txekiar Errepublikako enbaxadorea; Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, eta Nagore Bonilla Basque Trade & Investmenteko zuzendari nagusia.
Cámarabilbao
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Libor Sečka Txekiar Errepublikako enbaxadoreak Txekiar Enbaxadak eta Czech Trade erakundeak Bilboko Merkataritza Ganberan antolatutako ‘Aukerak robotikan eta automatizazioan’ jardunaldian parte hartu dute. Mintegiak Basque Trade & Investment – SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren laguntza izan du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko hogei bat enpresatako ordezkariak bildu ditu, baita AFM, BRTA – Basque Research and Technology Alliance edo STECH gisako antolakundeak ere.
Topaketan parte hartu dute, halaber, Nagore Bonilla Basque Trade & Investmenteko zuzendari nagusiak eta Mikel Arieta-araunabeña Bilboko Merkataritza Ganberako idazkari nagusiak.
Sailburuak adierazi duenez, “Euskadi eta Txekiar Errepublika bazkide garrantzitsuak dira, eta lankidetza-ibilbide luzea egin dute elkarrekin. 90eko hamarkadaz geroztik, herrialde hori helmuga tradizionala izan da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzako, Euskadiko 30 konpainia baino gehiago ezarri baitira han. 2024an, Euskal Autonomia Erkidegoak 460 milioi euroko balioa duten esportazioak egin zituen Txekiar Errepublikara, eta merkataritza-helmuga hori bihurtu zen esportazioetarako garrantzitsuenetako bat, Japonia, India edo Hego Korea gisako merkatu nabarmenen gainetik”.
Euskadik eta Txekiar Errepublikak 24 urte daramatzate elkarlanean, Ibarretxe lehendakariak 2001ean lehen akordioa sinatu zuenetik.
Jauregiren hitzetan, “topaketa honetan, gure industria bultzatzen duten eta robotikarako, automatizaziorako edo fabrikazio aurreraturako eremu emankor bihurtzen duten bi herrialdeen arteko lankidetzaren zenbait adibide ezagutu ditugu. Euskadiren eta Txekiar Errepublikaren artean zubiak eraikitzen dituzten eta Europako proiektua indartzen duten enpresa-proiektuak dira. Ziurgabetasun globalaren aurrean, baikortasunez betetzen gaitu elkarlan honek. Proiektu horietako bakoitzaren atzean enpresak, pertsonak, konfiantza eta etorkizuneko konpromiso partekatua daude. Azken batean, horixe da Europar Batasunaren oinarria”.