BBK Fundazioak eta Bilboko Merkataritza Ganberak, Bizkaian errotuen dauden ehun urtetik gorako bi erakundek, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute kudeaketa jasangarriaren bidez enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Horretarako, ESG Hub eratu dute, Bizkaian proiektu aitzindaria, eta elkarrekin lan egingo dute enpresa-sareari laguntzeko, Europan punta-puntakoak izateko hautemandako beharrei erantzuten dieten proiektuak bilatuz eta egituratuz, egungo edo etorkizuneko legeak bete dezaten eta, aldi berean, gizarte-eragin positiboa lortzen lagun dezaten. “Gure helburua da Bizkaia lidergo-posiziora iristea eta enpresak erreferente izatea eraldaketa horretan, eta, aldi berean, aldaketa sozial positiboak eragitea. Ahalik eta enpresa gehienengana joko dugu, oso lan praktikoa egingo dugu, eta, enpresa bakoitzaren diagnostikoetan eta egoeran oinarrituta, gakoak eta tresnak emango dizkiegu neurrira, enpresa bakoitzak bere beharretara eta ezaugarrietara egokitzen diren proiektu pertsonalizatuak behar baititu”, adierazi dute.

Bilboko Merkataritza Ganberak egin berri duen inkesta baten arabera, enpresen % 70 inguruk uste du jasangarritasuna hazkunde-eragile bat dela, baina, aldi berean, % 65ek adierazi du ez dituela ezagutzen ESG irizpideak, eta % 85ek adierazi du ez dakiela jarduera jasangarrien Europako taxonomiaren esanahia eta irismena zein den. Halaber, jarduera horiek egin dituztela adierazten duten enpresek kudeaketa-planean, arriskuen analisian eta ikuskapenean eta egiaztapenean jartzen dute arreta, eta kanpoan uzten dituzte aplikazio globalak dakartzan beste elementu interesgarri batzuk.

Datu horiek hobetzeko eta ESG (Environmental, Social and Governance) irizpideetan sakontzeko – hau da, ingurumen-, gizarte- eta gobernu-inpaktuetan sakontzeko -, hub hau foro plural gisa kokatzen da. Topagune ireki horretan, tamaina eta sektore guztietako enpresek eta haien interes-taldeek aukera izango dute irizpide horiek kudeaketan sartzeak dakartzan erronkei buruz informatzeko eta, aldi berean, trebatu, ezagutzak eta tresnak eskuratu eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte.

ESG irizpideen abantailak eta hub-aren jarduerak

ESGak abantaila nabariak eta zehatzak eskaintzen ditu, eta neurri handi batean ezezagunak dira. Lehenik eta behin, Europar Batasunak bultzatutako legea betetze hutsa, 2026an jasangarritasun-plana eduki beharra barne. Kasu askotan, enpresa handiei baino ez die eragiten, baina Bizkaiko enpresa asko ere behartuta daude merkatutik kanpo ez geratzeko, enpresa horien balio-katearen parte baitira. Enpresek Net Zero ekonomiarantz aldatu behar dute horrek dakarren guztiarekin, eta batzuentzat inbertsio handiak ekarriko dituzte, baita merkatu- eta produktu-aldaketak ere, edo bezeroen eta interes-taldeen eskaeretara egokitzea.

Horretarako, BBK Fundazioak eta Bilboko Merkataritza Ganberak lagunduko diete finantzaketa iturriak aurkitzen, lankidetza areagotzen, merkatu lokal eta global batean jasangarritasunaren bidez negozio-aukera berriak lortzen, eta gai honetan laxoagoak diren beste herrialde batzuekin alderatuta diskriminatuak izatea saihesten. “Egiaztatu dugu – azaldu dute hub-aren sustatzaileek – ESGn inbertitzeak finantza-onura inplizitua izango duela, EBk, Europako bankaren bidez, finantzaketa oso onuragarria eskaintzen baitie irizpide horiek betetzen dituztenei: kreditu berde bigunagoak, bonu berdeen bidezko finantzaketa edo lizitazio publikoetan abantailak. Hori guztia, bezeroei, langileei eta, oro har, gizarteari begira erreputazioa hobetzearekin batera”.

ESG Hub-ek hainbat jarduera, prestakuntza eta aholkularitza eskainiko ditu. Lehen trebakuntza martxoan egingo da, eta administrazio-kontseiluak, goi-zuzendaritza eta ESG izango ditu lan-ardatz. Bere jarduera-agendan, apirilean, kudeaketa jasangarriari buruzko lehen workshop-a egingo du. Horrez gain, taxonomia berdean (maiatzean) eta taxonomia sozialean (uztailean) oinarritutako trebakuntza-pilulak izango ditu, eta laguntza-programei eta -ekimenei buruzko jardunaldi tematikoa ekainean. Horrekin batera, newsletter bat plazaratuko da, lege-berrikuntzekin, jardunbide egokiekin eta profesional aipagarrien iritzi-artikuluekin, Bizkaiko jardunbide egokien aintzatespenekin eta tailer praktikoekin. Urtean zehar jarduera eta ekimen berrien berri emango du.

Berrasmatzen eta indarrak batzen dituzten ehun urtetik gorako erakunde bi

BBK eta Bilboko Merkataritza Ganbera Bizkaian oso errotuta dauden ehun urtetik gorako bi erakunde dira. Lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialari egin dion ekarpena funtsezkoa izan da historikoki. Biek enpresa eta erakunde askoren sorrera eta mantentzea ahalbidetu dute, enplegu asko sortzen lagundu dute eta, are gehiago, enpresa handiak hedatzen ere lagundu dute, tokiko nahiz kanpoko merkataritza bultzatuz. Orain, bere esperientzia eta eskaera berrietara egokitzeko ahalegina batzen dituzte, orain arte ez zegoen zerbitzu berri bat emateko, gure Lurraldearen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko beharrezkotzat jotzen baitute.

Hitzarmena sinatzean, Xabier Sagredo BBKko presidenteak adierazi du “funtsezkoa dela erakundeok ikuspegi holistiko baten aldeko apustua egitea, errentagarritasun ekonomikoa lortzea nahitaez Ingurumen-, Gizarte- eta Gobernantza-irizpideekin osatu dadin”. Europako taxonomian berriki argitaratu diren araudiek eta enpresek jasangarritasunaren arloan behar duten Prestasunari buruzko Arteztarauak agerian uzten dute gero eta garrantzi handiagoa dutela enpresek garapen jasangarriarekiko konpromisoa beren gain hartzeak, kontsumitzaileen eta inbertitzaileen eskaeren arabera, eta haien kudeaketari buruzko informazio garrantzitsua emateak. “Baina, lege- eta arau-alderdi berriak alde batera utzita, enpresek eta gizarteak, oro har, jakin behar dugu jasangarritasuna ez dela aukera bat, aukera bakarra bihurtu dela. Hori ez da berria guretzat. BBKn mende bat baino gehiago daramagu maila guztietan eragin sozial positiboa duten ekintzen eta inbertsioen alde egiten. Orain lehiakortasun jasangarria deitzen diogu. Eta horixe defendatzen dugu BBKn aldaketa-garai hauetan. Ziur gaude, ziklo ekonomiko berri honetan, lehiakortasuna eta jasangarritasuna binomioa bereiztezina dela; izan ere, aurrerapena eta ekonomia jasangarriak izango dira ezinbestean, edo ez dira existituko”. Gaineratu duenez, “zenbat eta jasangarriagoa izan lurraldea, orduan eta lehiakorragoa eta pertsona guztien oparotasunerako beharrezko baldintzak sortzeko gai da. Horregatik, oso harro gaude gure lurraldeko enpresen eraldaketa hain beharrezkoa lortzen laguntzeaz, Bilboko Merkataritza Ganberaren moduko funtsezko aliatu baten eskutik”.

Bestalde, José Ignacio Zudaire Merkataritza Ganberako presidenteak nabarmendu du ekimen honek Ganberaren jasangarritasunaren aldeko apustu irmoari erantzuten diola. “Bere baitan Osoko Bilkurako 25 enpresetako ordezkariek osatzen duten Jasangarritasun Batzordea berriki sortzeak jarrera hori berresten du. Izan ere, batzorde horrek Bizkaiko enpresek osatutako gure osotutako gure gobernu-organoen babesa du”. Bilboko Ganbera eta BBK enpresen behar berrietara egokitzen dira, eta “hor gaude erabilgarri izan gaitezkeela ikusten dugun lekuan. ESG da erronka berria. Behartuta dauden enpresak horretan ari dira, baina balio-kateko kideak berandu doaz eta tren hori gal dezakete. Hori dela eta, BBK bezalako erakunde baten laguntza baliotsuarekin, zeinak bere jardueren eragin sozial positiboa handitzeko lan egiten baitu, Europatik datorren ESG araudia betetzen lagunduko diegu, baina baita akatsak saihesten, lehiakorragoak izaten eta gure inguruko bizi-kalitatea hobetzen laguntzen “. Era berean, Ganberak adierazi nahi du “jasangarriagoak izateak negozio eta merkatu berriak irekitzeko aukera ematen duela, enpresa jasangarriekin lan egitea eta erostea eskatzen duten bezero eta kontsumitzaileen beharrak beteko baititu. Hori guztia, Lurraldean enplegu berdea sortzean duen eragina ahaztu gabe”.

Informazioa jasotzeko eta izena emateko www.esghub.eus