Bizkaiko Foru Aldundiak harrera egin zion atzo Kontsulatuen Kidegoari Bizkaian, bere lana eskertzeko eta ordezkatzen dituzten herrialdeekin merkataritza-, gizarte- eta kultura-loturak sustatzeko.

Aurreko urtean pandemiak eten zuen urteroko ekitaldi honek Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Elixabete Etxanobe izan du buru, Bizkaia Erakargune Bihurtzeko zuzendari nagusia Koldo Atxutegirekin eta Bilboko Merkataritza Ganberako zuzendari ondokoa Guillermo Mirórekin batera.

Bertaratutako hogeita hamar kontsulen aurrean, Elixabete Etxanobek adierazi du “Bizkaia modu aktibo eta eraginkorrean nazioarteko agendan kokatzea; enpresen nazioartekotzea indartzea, haien tamaina edozein dela ere; eta gure lurraldera talentua eta aberastasuna erakartzea Foru Aldundiaren ardatz estrategikoak” direla. Alde horretatik, Etxanobek nabarmendu duenez, “Bizkaiaren eta ordezkatzen dituzuen herrialdeen arteko loturak indartzea funtsezko faktorea da, eta, zalantzarik gabe, gure helburuak lortzen lagunduko du. Horregatik, zuek osatzen duzuen Kidego Kontsularra, askotarikoa eta hain garrantzitsua, Bizkairako altxorra da”.

Bestalde, Guillermo Mirók azpimarratu duenez, “benetako plazera da elkarlanerako bokazio argia dugunon arteko topaketa batean parte hartzea, ideien eta esperientzien trukean aurrera egiten jarraitzea, beste herrialde eta kultura batzuetara irekitzeko eta elkarrekin ikasteko”. Era berean, “Bizkaia nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan ahalegin egiten duen lurraldea da. Gure enpresak bost kontinenteetan daude. Gure DNAn, berriz asmatzea, merkatura egokitzea, kanpora ateratzea, erronka berriei aurre egitea eta jarduera horrekin gizartearen aurrerapenean laguntzea aurkitzen da “.

Hitzaldi eta iritziak partekatu ondoren, Kidego Kontsularreko ordezkariek bisita bat egin dute Muxikako Bodega Berrojara, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean dagoen txakolinetarako familia-upategi batera. Ardandegi hori leku nabarmen eta berezi batetik datozen zapore berriak bilatzeko konpromisoa hartu du, eta funtsezko bi mugarri landuz: iraunkortasuna eta berezitasuna