Eusko Jaurlaritzak Covid-19ko krisiak kaltetutako enpresentzako eta enpresarientzako laguntza zuzenen dekretua onartu du. Guztira, 270 milioi euroko aurrekontua izango dute laguntzek, eta guztira 173 jarduera ekonomiko izango dira. Izan ere, Lakuatik 50 milioi euroko aurrekontu propioa sartuko diote hasiera batean aurreikusitakoari, eta 78 ‘CNAES’ gehitu zaizkie Estatuko Errege Dekretuak ezartzen zituen 95 milioi euroei.

Zuzeneko laguntza horiek koronabirusaren ondoriozko krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko eta enpresen kaudimena hobetzeko dira. Hain zuzen ere, epe horretan hornitzaileekin eta bankuekin sortutako zorrak ordaindu ahal izatea du helburu. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 35.000 enpresak eta enpresarik jaso ahal izango dute deialdi hori.

Uztailaren 5ean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta hilaren 30era arte egongo da indarrean. Hiru laguntza-lerro ezarri dira izapideak arindu ahal izateko, eta horien xehetasunak EHAAn argitaratzen den deialdian jakinaraziko dira. Laguntzak eskatu ondoren, abuztuan aztertuko dira. Lehen ordainketak irailean egitea aurreikusten da.

Baldintzak

Laguntza berri horiek modu esklusiboan izapidetu beharko dira bitarteko elektronikoen bidez, eta ordainketa bakarrean ordainduko dira. Gainera, bateragarriak izango dira beste administrazio batzuen beste diru-laguntza batzuekin.

Betebehar gisa, Eusko Jaurlaritzak ezartzen du pertsona edo erakunde onuradunek gutxienez 2022ko ekainaren 30era arte eutsi beharko diotela jarduerari; dibidendurik ez banatzeko, ez 2021ean, ez 2022an: eta goi-kargudunen ordainsarietan igoerarik ez onartzeko, laguntza ematen denetik bi urtez.

Laguntzen erabilerari dagokionez, lehenik eta behin hornitzaileei ordaindu behar zaiela ezartzen da, antzinatasunaren arabera, fakturak jaulkitzen diren dataren arabera; gero, banku-zorra murriztu behar da (abal publikoa duen zorraren nominalaren murrizketa lehenetsiz), eta, azkenik, beste kostu finko batzuk.