Belén Frau, José Antonio Jainaga eta Ignacio Marco-Gardoqui, Bilboko Kontsul berriak
Bilboko Merkataritza Ganberak, bere 140. urteurrenean eta Kontsulatuaren 515ean, munduan zehar Hiribilduaren izena daramaten pertsona ospetsuak ohorezko Kontsulak izendatzeko ekimena berreskuratzen du
Cámarabilbao
Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Itsasketa Ganberak, Bilboko Kontsulatuaren oinordeko gisa, Hiribilduaren izena eta ospe ona munduan zehar daramaten hiru pertsona ospetsu izendatu ditu Bilboko Kontsul. Hauek dira pertsonalitate horiek:
- Ikeako komunikazio zuzendaria, Belén Frau
- Sidenoreko presidentea, José Antonio Jainaga
- Ekonomialaria eta artikulugilea, Ignacio Marco-Gardoqui
San Anton elizan hasi da aldarrikatze-ekitaldia, Kontsulatuak ondoko eraikin batean baitzuen egoitza. José Ignacio Zudaire Kontsulatuko priore eta Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak Kontsul berriak hartu ditu, Amaia Arregi alkateordea; Jakes Aguirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea; Cristina Mugica Lurralde Lehiakortasunerako eta Turismoko zuzendari nagusia; eta Carlos García Buendia Gobernuaren ordezkariordea lagun izan baititu, baita beste Kontsul batzuen ordezkaritzak ere.
Ohorezko aurreskuaren eta familia argazkiaren ondoren, jarraigoa San Nikolas plazako BBVAren eraikinera joan da “Azulito”-n -25 urte baino gehiagoz, 1989. urtera arte, Bilboko kaleetan zehar ibili zen minibus mitikora-. Behin BBVAn, hiru Kontsul berriak aldarrikatzeko ekitaldi nagusia egin da, Bilboko eta Bizkaiko bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko ehun bat agintari eta ordezkari lagun izan dituztela.
Aldarrikapenean zehar, Jose Ignacio Zudairek, priore gisa, ekitaldi hau tradizio bat baino gehiago dela azpimarratu du. “Bere lan profesionalean Bilboko jendea betidanik definitu gaituzten balioak partekatzen dituzten pertsonen aintzatespena da -nabarmendu du-, hots, ahalegina, erantzukizuna, etorkizuneko ikuspegia, mundura irekitzea, emandako hitza, enpresa-ekimena eta aurrerapen kolektiboarekiko konpromisoa”.
1511. urtean sortu zenetik, Bilboko Kontsulatua erakunde aitzindaria izan zen, Bilbo nazioarteko erreferente bihurtzeko gai izan zena. Ganberak, ondare historiko haren oinordekoak, “bere horretan eusten dio Bilbo/Bizkaiaren eta, hedaduraz, Euskadiren enpresari, gizarteari eta nazioarteko proiekzioari zerbitzua emateko bokazioari. Gure 140. urteurrenean, euren bizitza pertsonalean eta profesionalean hori egiten duten hiru profesional aintzatetsi nahi ditugu”, adierazi du Zudairek.
Nortasun propioa duten hiru kontsul
Belén Frau Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. 25 urtetik gorako nazioarteko ibilbidea du enpresa-lidergoan, retail, eraldaketan eta marka-estrategian. 2021eko azaroan, Ingka Group-eko (IKEA) Batzorde Exekutiboan sartu zen, komunikazio, ospe eta posizionamendu korporatiboko estrategia globalaren lidergoa bere gain hartzeko.
José Antonio Jainaga Industria Ingeniaria da, Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan, eta industrian egin du bere ibilbide profesional guztia. Gaur egun, Sidenor-eko presidente eta Mirai Investments-eko sortzaile eta presidentea da, eta 2026an etapa berri bati ekin dio Talgo-n, konpainia bultzatzeko eta tren-sektorean munduko erreferentzia bihurtzeko.
Ignacio Marco – Gardoqui ekonomialaria eta abokatua, Deustuko Unibertsitatean. Hainbat zuzendaritza-ardura izan ditu erakunde publiko eta pribatu ezagunetan, eta zenbait Administrazio-kontseilutan ere parte hartu du. Finantza-arloan ibilbide luze eta nabarmena du, analista ekonomikoa eta erreferentziazko kronikari da, eta ekonomia- eta enpresa-ehunaren ulermena sustatzen du.
Kontsulen misioa, adierazten den moduan, honako hau da: “Bilboren izena mundu osoan zehar harrotasunez eramatea, bilbotarren lanaren, zintzotasunaren eta abegikortasunaren bertuteak zabaltzea, eta euren jarduera guztiak Bilboren eta bertako jendearen handitasun material eta espiritual handiagora bideratuta egotea”.
Bilboko Kontsulatua: komertzioaren eta merkataritzaren aurrerapenerako funtsezko erakundea
Bilbo portua izan zen Hiribildua baino lehen. Portuko nabigatzaile, armadore eta merkatariek bultzatu zuten Diego López de Haro Bizkaiko jauna 1300eko ekainaren 15ean Hiribildua sortzera, aurretik zegoen portuaren izen berarekin: Bilboko Portua. Harrezkero, maisu eta itsasontzietako kapitainek, bai eta Bilboko merkatariek ere, “Unibertsitatean” edo gremioan jardun zuten, 1511n Bilboko Kontsulatua eratu zen arte, benetako ministerio ekonomikoa, merkataritza-jurisdikzio propioarekin.
Bilboko Kontsulatuak Bizkaiko historian atal aipagarri bat merezi du, bere jarduerak Lurraldeko itsas merkataritzaren bilakaera eta industria-garapena ahalbidetu baitzituen. Merkataritza-, lur- eta itsas jardueretako gaiak konpontzeko aukera eman zuen, jurisdikzio arruntetik eta zibiletik bereizita. Beste mugarri batzuen artean, Itsasadarra ibilgu nabigagarri bihurtzera bideratutako lanak zaintzeaz arduratu zen, Portuaren hedapena modu erabakigarrian bultzatu zuen eta azpiegitura-beharrei erantzun zien, eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberaren aitzindaria izan zen.
Bilboko Kontsulatuaren lan legegilea laster hasi zen eta 1737ko ordenantzak izan ziren bere lanik garrantzitsuena. Merkataritza tratatu hau Estatuko Legeen Bilduma Berri-berrian sartu zen, eta mundu osoan hedatu zen, batez ere Latinoamerikan eta Filipinetan, non bere Merkataritza Kodetzat hartu baitzituzten.
Gainera, Ekonomia, Herri Lan, Garraio, Gobernazio eta Kanpo Arazoetarako Ministerioa bezalako zerbait zen. XVI. mendean Europako merkataritza gune nagusia zen Brujasen ordezkaritza zentro propio bat zuen, ‘Bizkaiko Etxea’. Gaur egun ere, Brujasek ‘bizkaitarrena’ izeneko plaza du, ‘Bizkaiko Etxea’ zegoen orubearen gainean eraikia.
Desagertu aurretik, beste proiektu batzuen artean, Kontsulatuak Merkataritza Eskola sortu zuen, ingelesaren eta frantsesaren irakaskuntza ezarri zuen eta Nautika Eskola bultzatu zuen.
Bilboko Kontsulatuaren ibilbideak Merkataritza Auzitegi berria eta lehen Espainiako Merkataritza Kodea sortzearekin amaitu zuen, 1830eko urtarrilaren 1ean, kontsuletxeko auzitegiak baliogabetzen zituena eta Merkataritza Ganberen sorrerari atea irekitzen ziona. Bilbokoa 1886ko maiatzaren 28an sortu zen, orain dela 140 urte.
Bere lanari jarraituz, Ganbera honek Bizkaiko garapen ekonomikoari lagundu dio. Kontsulatu horren oinordeko gisa, Bilboko kontsulak izendatzeko eskubidea eman zitzaion, eta dagoeneko berrogeita hamar inguru izendatu ditu.












































