Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua ahoz aho dabiltzan une honetan, kanpoko merkatuetan industria-portaera aztertzeko alderdi interesgarri bat osagai teknologikoa da, bai esportatutako produktuena bai inportatutakoena.

Hori dela eta, Kanpo Merkataritza, produktuen maila teknologikoaren arabera txosteneko datuek, barrixe – Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak Eustaten datuetan oinarrituta egiten duena, adierazten dute kanpo-merkatu teknologikoak, aztertzen diren adierazle gehienetan, oraindik ez dituela berreskuratu pandemia aurreko mailak.

Behatoki hau Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta Cámarabilbaorenekimen bateratua da, eta, zehazki, Kanpo Merkataritzari buruzko azken txostenetik ateratako datuak hauek dira:

  • Bizkaiak 2021ean 330 milioi euro esportatu zituen maila teknologiko altuko produktuetan, eta % 1,3 hazi zen 2020arekin alderatuz. Esportazioen artean, aurreko urtearekin alderatuta gutxien hazi dena da, eta maila ertain-baxuko produktuen esportazioak hazi dira gehien, % 53,4, 2019ko datuak gaindituz.
  • Maila teknologiko altuko produktuen inportazioak 284,8 milioi eurora iritsi ziren 2021ean. % 7,9ko atzerakada izan zen 2020arekin alderatuz, 2019an jada hasi zen jaitsiera. Inportazioei dagokienez, maila teknologiko ertain-baxuko produktuenak dira gehien hazten direnak, % 60 2020arekin alderatuz. Zehazki, ontzigintzarekin lotutako produktuak hazi dira gehien, % 618 gehiago.
  • 2021ean Bizkaiak gehien esportatu eta inportatu zituen produktuak teknologia ertaineko produktu gisa sailkatuta daudenak izan ziren, eta lotura dute kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioarekin, metalezkoak ez diren bestelako mineralen fabrikazioarekin eta metalurgiarekin; esportazioen % 33,3 eta inportazioen %22,9 dira.
  • Mailako teknologiko altuko produktuen esportazioen % 22,7k eta % 18,8k AEBetan eta Erresuma Batuan dute helmuga, hurrenez hurren. Alde horretatik, deigarria da Singapurrera esportatzen den maila horretako produktuen bolumenak atzerakada handia izan duela, 11.970 milioi eurotik 1.019 milioi eurora igaro baita.
  • Mailako teknologiko altuko produktuen kanpo-erosketen hornitzaile nagusia Txina da oraindik ere, inportatutako guztizkoaren % 23,9 hartzen baitu, baina 2020arekiko atzerakada handia jasaten du, ehuneko hori % 39,2koa baitzen. Hala ere, Asiako herrialdeak jarraitzen du horrelako produktuen lehen hornitzailea izaten, 2019an hazkunde handia izan baitzuen: 2018an 8.861 milioi euro izatetik, 2019an 140.326 milioi izatera igaro zen. Atzetik ditu AEB, eta hortik 31.342 milioi euroko balioa duten produktuak inportatzen dira.
  • Bizkaian, maila teknologiko altuko edo ertaineko produktuen esportazioak % 37,5 ziren 2020an, eta % 34,3 2021ean. Teknologia-maila baxutzat sailkatutako produktuek puntu bat egin zuten gora, % 8,2n kokatuz, eta maila teknologiko ertain-baxukoak 0,2 puntu igo ziren, % 55,5 arte.
  • Mailako teknologiko altuko produktuen artean, nabarmentzekoa da farmazia-produktuen esportazioen % 25,7ko igoera. Eraikuntza aeronautiko eta espazialarekin lotutako produktuen esportazioa ere igo egin da, gutxiago bada ere, % 3,8; produktu informatiko, elektroniko eta optikoen esportazioak, berriz, % 11,1 jaitsi egin dira.
  • Euskadin, maila teknologiko altuko esportazioen lurralde-bilakaera % 7,1 hazi da 2021ean, eta inportazioen kasuan, % 9,3. Lurraldeka, Gipuzkoak izan du portaera onena maila teknologiko altuko esportazioen aldean, % 33,3 igo baita; Bizkaia, berriz, gehien jaitsi den lurraldea da, % 12,6. Maila teknologiko altuko produktuen Bizkaiko esportazioak EAEkoen % 47,0 dira, eta inportazioak % 41,7. Bi datuak jaitsi egin dira aurreko urtearekin alderatuta: 10,6 puntu esportazioetan eta 2,6 inportazioetan.

Más información: